Motorrak berotzen hasteko, euskal derbia

Liga Iberdrola hasteko astebete eskas falta dela, Reala eta Athleticen indarrak neurtzeko eszenatoki aproposa izango da Euskal Herriko Kopako finala. Aurredenboraldiko lagunartekoak jokatu ondoren, VI. edizioko garaikurra eramateko gogotsu agertzen dira gipuzkoarrak eta bizkaitarrak. Hitzordua, igandean (abuztuak 28) 11:30etan Gernikako Urbieta zelaian eta ETB4 bidez zuzenean ikusteko aukera egongo da. 
Argazkia: @Athletic_Fem
Lau aldiz eskuratu du garaikurra Athleticek; Realak, ordea, behin. Bigarren edizioa eta Beasainen jokatu zen txuri-urdinak gailendu zirenekoa (2-0). Iaz Zarautzen bizkaitarrek aldea handiagotu zuten beraien laugarrena lortuz. Inoizko lehiarik parekatuena izan zen baina Joana Flavianoren falta jaurtiketa batek erabaki zuen neurketa. 

Bi taldeak konparatuz, beharbada, aurtengoan inoiz baino berdintsuago egon daitezke kemenak. Realak taldearen bizkarrezurra mantentzeaz gain Nerea Eizagirre, Naiara Beristain eta Nuria Sanchez fitxatu ditu eta inoizko talderik indartsuena osatu duela ematen du.

Txapelketako talde onenen artean jarraitzen du Athleticek, nahiz eta Irene Paredesen hutsunea sumatuko duen. Legazpiarra talde bizkaitarraren ikur izan da azken denboraldietan. Dena den, horri aurre egiteko gogor prestatu dira zuri-gorriak. Lau fitxaketa egin dituzte, horietatik bi aurpegi ezagunak donostiarrentzat: Andere Leguina, Lucia Garcia, Esti Aizpurua eta Esty Bajo

Baten esperientzia eta bestaren gaztetasuna, aurrez aurre. Urteroko lehia izaten ari da, eta gaur arte esperientzia indartsuago izan da. Bi entrenatzaileak, ordea, aldi berean hasi ziren emakumezkoen gorengo mailan entrenatzen eta bien lehenengo aurrez-aurrekoa orain urte bete izan zen, Zarautzen. Aurreneko lehia horretan Agirrek irabazi zuen –eta monopolioarekin jarraitu zuen ligan ere-. Hori horrela, San Miguel eta konpainia mendekua prestatzen hasi dira jadanik. 

Aurredenboraldia

Sentsazioak berreskuratu eta liga hasiera prestatzea izan ohi da denboraldi aurreko xede nagusia. Garaipenekin eginez gero, ondo baino hobeto. Realak hiru lagunarteko jokatu ditu, bi garaipen eta porrot bateko balantzearekin. 

Girondins de Bordeaux izan zen txuri-urdinen makur bakarra (1-2), azkenengo lagunartekoan hain zuzen ere. ASPTT Albi, Frantziako gorengo mailako beste taldea, erosotasunez garaitu zuten (3-0) eta nagusitasuna agerian geratu zen Añorgaren aurkako partiduan (0-8). 

Athleticek garaipen bakarra eskuratu du jokatu dituen bost adiskidantzako neurketetan, Oiartzunen aurka izan zen (4-1). Bizkaitarrek Logroñoren aurkako porrotarekin hasi zuten aurredenboraldia (1-0), txuri-urdinen arerio izan zen ASPTT Albiren kontra ere galdu egin zuten (3-0), bai eta Montpellier (2-0) eta Soyaux Charente (3-2) talde frantsesen aurka ere.

Sentsazio onak EH Kopako finalaren aurretik

Aurredenboraldian sentsazio onak erakusten ari da Reala. Igandean Girondins de Bordeauxen aurka lehen porrota jasan bazuen ere (1-2). Egun batzuk aurrerago, ordea, erosotasun osoarekin gainditu zuen Añorga (0-8) eta ASPTT Albiren aurka, Andorran garaipen ederra eskuratu zuen (3-0).
Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Atzokoan (igandea) Hondarribin Leyre Fernandezen gol bati esker markagailuan aurretik jarri ziren txuri-urdinak. Girondinsek atsedenaldiaren aurretik berdinketa egin eta bigarren zatian nagusi izan ziren, azkenean garaipena eskuratuz (1-2). 

Aurredenboraldiko hirugarren lagunartekoa izan zen. ASPTT Albiren aurka estreinatu zen Igor San Miguelen taldea, garaipen ederra eskuratuz (3-0) ‘Chini’ eta Beristainen bi golei esker. Astebete beranduago Añorga izan zuten arerio, eta espero bezala, nagusi izan zen Reala. 0-8ekoa islatu zuen markagailuan Beristain (2), Leyre Fernandez (2), Cirauqui, Aintzane, Sandra eta Manuelaren golei esker. 

Derbia EH Kopan

Liga hasiera gertu dagoela (irailak 4), neurketa guztietan itxura polita eskaini du Realak. Baina partidurik garrantzitsuena jokatzeke dago: EH Kopako finala. Gernikako Urbieta zelaiak euskal derbia jasoko du igandean 11:30etan, garaikurra jokoan dagoelarik. 

Athleticek –2015-2016ko liga txapeldunak- bost lagunarteko jokatu ditu gaur arte eta lau partidu galdu (Logroño, Soyaux Charente, ASPTT Albi, Montpellier) eta garaipen bakarra (Oiartzun KE) lortu dute.

Sandra Ramajo: «Madrilen edozer gerta daiteke»

Ligako azken jardunaldia jokatu ostean Realeko jokalariak buru-makur agertu ziren. Porrotaren agurtu zuten txapelketa eta ezin izan zuten hainbeste desiotako laugarren postua errekuperatu. Orain Kopako partida prestatzen dabiltza buru-belarri. 

Argazkia: Imanol Urkiri
Bosgarren postua ere orain arte lorturiko sailkapen hoberena da. 53 punturekin amaitu dute liga denboraldia, 16 garaipen, 9 porrot eta bost berdinketarekin. Ez dira zenbaki makalak. Historiako markarik onena lortu dute txuri-urdinek eta hala ere "penaz" mintzatu ziren Igor San Miguel entrenatzailea eta Sandra Ramajo atzelaria.

Ramajoren aburuz zapore gazia utzi zuen Huelvakoen aurka jasandako porrotak: "Beraiek ez zuten garaipena merezi". Gauza positiboak azaleratzen saiatu zen eta partidua sentsazio onekin bukatu zutela adierazi zuen. "Horrek Koparako bultzada eman behar digu", azpimarratu zuen irundarrak. 

"Guztiek nahi zuten laugarren amaitu. Levantek galdu egin zuen eta eskuetan daukazula dirudienean horrelako gauzak pasatzen dira futbolean", adierazi zuen San Miguelek. Antsietate puntu batekin jokatu zutela aitortu zuen entrenatzaileak, eta zelaiaren kondizioengatik ere kexatu zen baina, era berean, aurkariaren —Huelvako Sportingen- indarra baloratu zuen. 

Uriarteren belaunari so

Indar horren erakusle Itxaso Uriarte eta Cristina Martin-Prietoren arteko talka izan zen. Gasteiztarra zelaitik atera behar izan zen, belaunean min harturik. Minutu dexentean harmailetan zein taldean eragin handia izan zuen lesioak, isiltasuna egin zen. "Espero dugu gauza handirik ez izatea. Guretzako jokalari garrantzitsua da eta ea Madrilerako prest dagoen", azaldu zuen entrenatzaileak. 

Argazkia: Imanol Urkiri
Azken porrotaren gainetik eta Erreginaren Kopa jokatu aurretik, San Miguelek puntuazio oso altuz baloratzen du taldeak eginiko lana. Astigartarraren aurreneko denboraldia izan da emakumezkoen gorengo mailan eta "oso gustura nago, asko merezi dute"

Ilusioz Madrilera

Gipuzkoarrak ilusioz daude erronka berri honetarako. Larunbatean 10:00etatik aurrera Bartzelona izango dute aurkari Erreginaren Kopako final laurdenean. Motibazioz gainezka bidaiatuko dute Madrilera ezusteko handia eman baitezakete. Kataluniarrak ere —Liga galdu ostean- garaikurra irabazteko gogotsu egongo dira eta horren beldur da Reala. "Baina tira, neurketa bakarra da, Madrilen eta edozer gerta daiteke", argitu zuen Ramajok.

Ohorea baino gehiago jokoan

Igandean 12:00etan denboraldiko partidu bereziena —edo berezienetariko bat- jasoko du Zubietak. Euskal derbia jokatuko da z7 zelaian. Ohoreaz gain asko dago jokoan: Athleticek lidertzan jarraitzeko irabazi egin beharko du, baita Realak ere laugarren postuari eutsi nahi badio. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da (bazkideak doan) eta ETB1ek zuzeneko emankizuna egingo du.
Argazkia: @Athletic_Fem
Tentsioa pil-pilean izango da Zubietan. Berdegunean zein harmailetan. Realean min asko egin zuen azken derbiko emaitzak. 5-0ekoa islatu zuen Lezamako markagailuak, nahiz eta Reala inoiz baino maila onenean iritsi zen hitzordura. Ate aurrean fin aritu ziren bizkaitarrak eta txuri-urdinek urduritasuna jokora eraman zuten. 

Gauzak horrela, mendekua hartu nahiko du Igor San Miguelek gidatutako taldeak. Horrez gain, laugarren postuari eusteko helburua finkatu dute donostiarrek eta garaipena garrantzitsua izango da horretarako. 

Batek, laugarren postua eta besteak, lidergoa objektibo. Porrot batek garaikurra irabaztea zaildu diezaioke Athleticeri. Lidertzan dago talde zuri-gorria baina Bartzelonak hurbiletik jarraitzen dio. Puntu bateko aldea dago bien artean eta denboraldiko garai honetan edonolako irristaldi bat erabakiorra izan daiteke. 

Argazkia: @Athletic_Fem
Gaur arte neurketa bakarra galdu du Athleticek. Rayo Vallecanoren aurka izan zen, orain bi hilabete. Kolpe gogorra suposatu zuen, Bartzelonaren etxean berdindu ostean pausu handi bat eman baitzuen garaikurra irabazteko bidean. Ordutik, bizkaitarren beste akats bat aprobetxatzeko so daude kataluniarrak.

Estatistikak Athleticen alde

Realaren sasoi onaren puntu garrantzitsuetako bat Zubieta da. Bi partidu galdu ditu, eta beste horrenbeste aldiz berdinketa adierazi du markagailuak. Gainontzeko lehia guztietan txuri-urdinak gailendu dira, beti ere joko erakargarri bat eginez. Horregatik, hain zuzen, inoizko derbi interesgarriena izan daiteke igande honetakoa. 

Zubietak ez du inoiz Athleticen porrotik ikusi eta lau alditan berdinketa batekin konformatu behar izan zuten bi taldeek. Beste norgehiagoka guztietan Athletic izan da garaile eta dinamika hori apurtzeko une egokia izan daiteke jardunaldi hau. Hala, sasoi historiko honen kapitulu historikoa idatziko luke Realak.

Aurpegi ezagunen itzulera

Argazkia: @Athletic_Fem
Estatistikak estatistika —Ligan jokatu diren 24 partidutik 17 irabazi ditu Athleticek- faktore askok leku hartzen dute zelaian. Neurketaren hasierak gidoiaren ibilbidea marraztu dezake, beraz biak ala biak kontu handiarekin zelairatuko dira. Urduritasuna leku guztietan egongo bada ere, jokalari batzuk tximeleta gehiago izango dituzte sabelean. Manuela Lareo eta Izaskun Leoz txuri-urdinak kasu, edo Maite Lizaso eta Ainhoa Moraza zuri-gorriak (Irene Paredesek ezin izango du jokatu belauneko lesioa medio). 

Morazak aurreneko aldiz jokatuko du Athleticeko elastikoarekin Zubietan eta zarauztarraren bigarren bisitaldia izango da. Lareo eta Leozek, aldiz, zelai gipuzkoarrean lehen aldiz beraien talde ohia izango dute arerio.


Quiñones, penaltietan erabakior eta garaikurra Euskal Herrira

Argazkia: @fcf_cat
Katalunia eta Euskal Selekzioaren arteko berdintasuna penalti jaurtiketek hautsi zuten. Bi selekzioak berdinduta zeuden markagailuan, eta gauza bera zuten helburu: aldarrikapena. Baina azkenean euskaldunak garaile suertatu ziren hamaika metroetatik eginiko jaurtiketetan, Mariasun Quiñones atezainaren bi geldiketei esker –euskaldunek guztiak sartu zituzten-. Beraz, Beristain eta Correderaren bi golek adierazi zuten banakoa Quiñonesek hautsi zuen, garaikurra Euskal Herrira ekarriz. 

Ezohikotasunak markaturiko neurketak izan ohi dira euskal zein kataluniar selekzioak jokatzen dituztenak. Ezohikoa baita sortzen den giroa, eragiten duen grina eta ilusioa. Ezohikotasun horretatik irtenaz, ohikoa behar lukeena aldarrikatzeko balio duen partidak bilakatu dira. Bi selekzioen ofizialtasuna, alegia. Eta bidea eraikitzeko prozesuan, futbol ikuskizun aparta eskaintzen dute jokalariek beraiek ere. Zelaian islatzen dute beraien herria errepresentatzearen harrotasuna. 

Giro horretan murgildurik, euskaldunak eta kataluniarrak bigarren aldiz lehiatu ziren. Oraingoan, Katalunian; Miniestadin, zehazki. Barakaldon bana berdindu ostean, berdintasuna hausteko aukera aproposa zuten bi taldeek. Garaikurra ere bertan zen, bi aulkien artean, garailearen zain. Lehen minutuetan, urduritasuna medio-edo, euskaldunen hutsegiteak baliatzen saiatu ziren etxekoak, zelaian erosoago zeudela erakutsiz. Dena den, Irene Paredesek kapitainaren beharra ederki asko bete zuen; baloiarekin zein baloi gabe. Beharbada horregatik, hain justu, ez zuten atea zulatu kataluniarrek. 

Argazkia: @fcf_cat
Eta euskaldunak, aldiz, kostata heldu ziren Mariajo Pons atezainak defendatutako atera. Paredesen errematea eta amaiera kaskarra izan zuten pare bat jokaldiz aparte, erasoan ez zen oso fin ibili Euskal Selekzioa. Kataluniak, berriz, arriskua sortzeko errastasuna agerian utzi zuen eta jokaldi batean Nahikarik defentsa-lan gogorra egin behar izan zuen Debora oztopatzeko. Bestela ere, Andrea de la Nava atezainak ez zuen gehiegizko eginbeharrik izan. 

Lehen zatiaren ondarrean Nekane Diezen lesioak harmailak izoztu zituen. Barakaldarra 4.106 ikusleren txalo zaparraden artean joan zen aldageletara –gaur (astelehena) baieztatu dute ezker belauneko aurreko lotailua hautsita duela- eta Esty Bajok hartu zuen bere lekua. Aldageletatik bueltan kataluniarrek estu hartu zuten Euskal Selekzioa eta Mariasun Quiñones euskaldunen izar bilakatu zen Miriam Dieguezen jaurtiketa zorrotza desbideratzean. Torrejon eta Nicart defentsak eta Ferez aurrelaria ere saiatu ziren ate aurrean, baina azkenean asmatzen abilena Naiara Beristain izan zen. Euskal Selekzioak ordura arte ezer gutxi egin zuen baina, Itsaso Nabaskuesen grina tarteko, Beristain adi ibili zen Esty Bajoren erdiraketaren aldaratzea hartu eta Rafolsen atea zulatzeko. Merezita edo merezi gabe euskaldunak aurretik jarri ziren. 

Argazkia: @fcf_cat
Azken minutuetan kataluniarrek nahi beste aukera sortu zituzten, baina Mariasun ez bazen Paredes agertzen zen arriskua kanporatzeko. Bietako inork ezin izan zuen ezer egin partiduko azken jokaldian, Corredera ate aurrean bakarrik agertu zenean. Banakoarekin penalti jaurtiketak erabakior suertatu ziren eta horietan Mariasun Quiñones gailendu zen, bi penalti geldituz. Hala, Euskal Selekzioak garaipena ospatu zuen Irene Paredesek garaikurra jaso ostean. Jokalari onenaren saria Alexia Putellas kataluniarrak irabazi zuen. 

Garaikurrak alde batera utziz, benetako garaileak bi selekzioak zein zaleak izan ziren. Miniestadin festa giroa sortzearren eta ikuskizun aparta eratzearren. Zoragarria da larunbatean protagonista izan zirenen zein bertaratu zirenen ilusio aurpegiak erreparatzea. Abenduaren 26an futbolak irabazi zuen.




Denboraldiko neurketa bereziena

Larunbatean 12:00etan euskal derbi ikusgarri bat jasoko du Lezamak. Azken urteetako derbirik paretsuena –sailkapena erreparatuz gero. Athleticek lidergoa partekatzen du Atletico Madrilekin eta sei puntu gutxiagorekin Reala laugarren postuan aurkitzen da, hirugarrenetik bi puntura (Bartzelona). ETB1ek zuzenean emango du. 

Argazkia: 'Gaur Egun Kirolak' saioa
Astean zehar, neurketa berezi hau hurbiltzen doala aprobetxatuz, ETB1ek, Sara Gandararen eskutik (Gaur Egun Kirolak saioa), Reala eta Athleticeko jokalari bana elkarrizketatu ditu. Nahikari Garcia eta Joana Flaviano bat datoz denboraldiko partida bereziena izan ohi dela baieztatzeko. Lezamako erdilariaren esanetan, gainera, “urteko partida gogorrena izan ohi da, eta aurten are gehiago Reala ere goian baitago”. 

Aurrelari txuri-urdina Ligako goleatzaile onena da 9 golekin, baina “momentuz anekdota bat da, besterik ez”, dio Garciak. Ez dio garrantzi handirik eman nahi, bai ordea taldea bizitzen ari den une gozoari. Lan onaren saria eskuratzen hasiak direla aipatu du: “Eta egia esan gauza onak eta garrantzitsuak egiteko ilusio horrekin gaude”. Zelaitik kanpo Reala egiten ari den lana ere baloratu du urnietarrak. “Pixkanaka Reala gero eta gorago dago eta hori guztiontzat onuragarria da”, onartu du.

Bi taldeetan eman dira berrikuntzak, bi taldeetako entrenatzaileek beraien lehen euskal derbia biziko dute –EH Kopako finala salbuespen-. Igor San Miguelek intentsitate aldetik asko eskatzen duela jakinarazi du Garciak eta berrikuntzak beti onerako izaten direla dio: “Hor daude lortzen ditugun emaitzak”. Athleticen aldetik, Flaviano urte bete Italian egon ondoren etxera itzuli zen uda honetan eta entrenatzaile aldaketa egon arren “taldea betiko legez dago, gogotsu, motibatuta”

Biak ala biak momentu gozoan heltzen dira derbira. Realak 4-0 gainditu zuen Levante eta bizkaitarrek 0-1 irabazi zuten Santa Teresaren etxean. Gainera, Athleticek oraindik porrota ezagutzen ez duela gogoratu du aurrelari gipuzkoarrak eta bide batez berarentzat Athleticeko jokalari onena eta txapelketako onenetarikoa zein den jakinarazi du: "Irene Paredes. Gainera, ondoan edukitzea egokituko zait eta lehia polita izango da".

Argazkia: 'Gaur Egun Kirolak' saioa
Erdilari bizkaitarrak talde txuri-urdina sendo ikusten duela adierazi du baina, segidan, beraiek hiru puntuak lortzeko oso gogotsu daudela nabarmendu du. “Partida polita izango da, giro aldetik ere bai, seguraski harmailak bete egingo baitira”, jakinarazi du lezamarrak. 

Ados dago Garcia, baina Flaviano ez bezala, puntuatzearekin konformatzen da: “Realaren bidea hori izan behar delakoan nago, beti gora begiratzen egotea eta puntuak lortzeko itxaropen hori edukitzea”. Txuri-urdinek hor goian mantendu nahi dutela argi dute. Athleticeko jokalariak, ordea, hiru puntuak batzea du helburu, bai edo bai. Lidertzan segi nahi dute eta Flavianok 3-1eko emaitza aurreikusten du

Azken urteetako derbi berdintsuenaz gozatzeko aukera izango dugu larunbat honetan 12:00etan. Lezama bertatik edo baita telebista bidez ere, ETB1en. 

Garaipena atzoko lagunartekoan
Realaren prestakuntzaren barnean lagunarteko bat egon zen atzo 18 urte azpiko euskal selekzioaren aurka eta 5-0 garaitu zuen talde txuri-urdinak. Nahikari Garcia (2), Eguzkiñe Peña, Maria Diaz Cirauqui eta Izaskun Leoz izan ziren golegileak. Derbiaren aurretik gaur eta bihar lan-saio bana egingo du Igor San Miguelen taldeak eta larunbatean 12:00etan Athleticen zelaian ezustekoa ematen saiatuko dira. 

Bestalde, Realeko teknifikazio taldeak 1-3 galdu zuen 16 urte azpiko euskal selekzioaren aurka.





Reala eta Oiartzun KILOMETROAK festaren alde

Biharkoan Usurbilek emakumezkoen futboleko lagunartekoa jasoko du urrian, herrian bertan, ospatuko den KILOMETROAK jaiaren harira. Usurbilgo Udarregi ikastola laguntzeko ospatuko da aurtengo Gipuzkoako Ikastolen festa, eta Reala eta Oiartzunen arteko norgehiagokan bildutako dirua ere ikastola finantzatzeko bideratuko da (sarrera, 5 euro). 

Afixa: @kmk15usurbil
Lehen Mailan bi talde gipuzkoar edukita goi-mailako neurketa etxean antolatzeko aukera ederki batean baliatu du Usurbilgo Udarregi ikastolak. Bihar (larunbata) 12:00etatik hasita Reala eta Oiartzun aurrez aurre izango dira. Lagunartekoa bada ere, lehiakortasuna ez da faltako gipuzkoarren arteko derbi honetan. 

Asteburu honetan geldialditxo bat egin du Liga txapelketak, selekzioen partiduak direla medio, eta bi taldeentzat neurketa aproposa da Ligako martxa galdu ez dezaten. Biek ala biek sentsazio onak utzi dituzte jokaturiko bi partida ofizialetan. Dena den, txuri-urdinek puntu gehiago batu dituzte. Lehen jardunaldian emaitza bera ez ezik, bide bera jarraitu zuten Realak zein Oiartzunek. Batak Albacete Fundazioa arerio zuela eta besteak Huelvako Sporting, hurrenez hurren. Atsedenaldira 2-0eko alde nabarmenarekin joan baziren ere, partiduaren bukaeran binako berdinketa islatu zuten Zubietako zein Karla Lekuonako markagailuek. 

Pasa den igandean, ostera, Realak garaipena eskuratu zuen Mallorkan eta Oiartzunek ezin izan zuen punturik batu Albaceteren zelaian. Txuri-urdinek gehiegi sufritu gabe menderatu zuten Collerense taldea Izaskun Leoz eta Nahikari Garciaren golei esker. Oiartzunek, bestetik, kolpe gogorra jasan zuen Albaceten. Markagailuan atzetik zeudela iritsi ziren atsedenaldira –izugarrizko aldearekin gainera (3-0)- eta bigarren zatian hiruna berdintzera iritsi ziren oiartzuarrak. Puntua eskuratzeko gertu ibili baziren ere, Alba Redondoren golak hiru puntuak etxean geratzea ahalbidetu zien zuri-beltzei. 

Honekin, biharkoan Realaren arerioa denari buruzko bi konklusio atera daitezke. Bata, gola sartzeko erraztasuna mantentzen dutela –iazkoan arrakastara eraman zien gaitasuna-; baina, era berean, gol asko jaso dituzte (sei, orotara). Bestalde, Realak ate aurreko zehaztasuna hobetu duela agerian utzi du bi partidutan lau gol eginez (lauak jokalari ezberdinek) eta Igor San Miguelek baloiaren jabetza edukitzea gogoko duela jabetu gara –bai aurredenboraldian eta baita Ligako lehen jardunaldian. Dena den joko zuzena egiten ere badakiela frogatu zuen Ca’n Caimari zelaian, emaitza bikainarekin gainera. 

Festa kutsua edukiko duen lehia honetan, beraz, zehaztasunak zuzentzeko baliatuko dute bi entrenatzaileek. Eta Usurbilgo Harane futbol zelaira hurbiltzen direnek goi-mailako neurketaz gozatzeko parada izango dute 5 euroren truke. 

Nahikari Garcia Ligako lehen jardunaldian.
Argazkia: Ane Urkiri
Nahikari Garcia, UEFAko Nazioarteko Txapelketako txapeldun
Astean zehar Eslovakian ospatu den UEFAko Nazioarteko Txapelketako txapeldun izendatu da 19 urte azpiko espainiar selekzioa. Bertan Nahikari Garcia txuri-urdinak parte hartu du. Eslovakiaren aurkako lehian 1-3 irabazi zuten espainiarrek, Garciaren gol batekin, eta Ingalaterra 5-2 menderatu zuten –aurrelari urnietarrak egin zituen aurreneko bi golak-. Parte-hartze bikaina beraz goleatzaile txuri-urdinarena. Aste baten buruan 4 gol egin ditu, bata elastiko txuri-urdinarekin Mallorkan eta beste hiru selekzio espainiarrarekin. Ez da Usurbilen egongo, baina hurrengo asteburuko Liga partidarako prest izango da Garcia.


AUPA ERREALEKO NESKAK!!!