Ikuskizun aparta eta garaikurra Bilbora

20:29 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Athletic garaile izan zen, beste behin, Euskal Herriko Kopako finalean. Reala 0-1 menderatu zuen Joana Flavianoren falta jaurtiketa bati esker. Atzokoarekin, lau Euskal Herriko Kopa irabazi dituzte bizkaitarrek. Zuri-gorriek gol aukera garbi gehiago izan bazuten ere txuri-urdinek estu hartu zuten neurketako azken minutuetan, eta berdinketaren gola hurbil ibili zen. Laura Gomez futbol jokalari ohiari omenalditxoa egin zitzaion norgehiagokaren atarian. Zarautzek eman duen futbolari onenen zerrendan kokatzen da bera eta bere jaioterriko zein Realaren oroigarri bana jaso zituen, ohorezko sakea egitearekin batera. 

Finaletan, derrigorrez, irabazle bat eta galtzaile batekin aurkituko gara. Baina ikuskizun aparta eskainitakoan, porrotak gutxiago mintzen du. Horixe pentsatuko luke Realeko entrenatzaile den Igor San Miguelek. Jarrera bikaina erakutsi zuen bere taldeak –zuzentzeko geratzen diren akats batzuk agerian egon arren-, eta horren isla Itxaso Uriarteren nekea norgehiagokaren amaieran. 

Baloia atzekaldetik jokatzen atera nahiak jokoaren aldeko apustu garbia egiten dutela erakutsi zuten txuri-urdinek. Athleticen presio altuarengatik, ordea, lan handia suposatu zuen. Dena den, noizean behin, arrakastaz iritsi ziren Ainhoak defendatutako atera. Zuri-gorrien jokoa, ostera, zuzenagoa izan zen. Baloi asko eta asko Ainhoa Alvarezen hegalera botaz, hutsunea bilatu nahian. Baina Sandra Ramajo edo Nuria Mendozaren maila onarekin topatu ziren. Erika zein Nekaneren saiakera asko baliogabetu zituen kataluniarrak. Defentsako edozein lekutan agertzen zen, albokoari laguntzeko prestu. Eta jokaldi guztiak bere oinetatik hasten ziren. Nahikoa zalegoa fitxaketa berri onekin, ‘Mendo’ goitizenarekin ezagunagoa, pozez zoratzen egoteko. 

Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Athleticen aldetik, lehen zatian Ainhoa Alvarez nabarmendu zen, erdilarien pase onak tarteko. Hainbat aukera garbi huts egin zituen galdakarrak. Horietako bat Mariasun Quiñonesen aurrean bakarrik geratu eta buruarekin atezaina goialdetik gainditzen saiatu zen. Gainditu bai baina desbideratuta, hondarribiarra hatz puntekin ukitzera heldu baitzen. Atzezaina adi ibili zen, jokaldi guztiak arretaz jarraituz eta baloi luzeetara ziurtasunez ateraz. Baina dezenteko izualdia ere eman zuen. Zelaitik amorruz atera behar izan zuen lesioa medio. Hasieran larritasun zantzuak bazituen ere, neurketa amaierako irribarreak ziurtatu zuen espero baino gutxiagokoa izan zela. Gaitz erdi. Cristina Cornejok ordezkatu zuen eta zelairatu eta minutu gutxira luzaketa bikaina egin behar izan zuen Ainhoa Alvarezen –norena bestela?- bolea geldiarazteko. 

Ordura arte Realak ezer gutxi egin zuen erasoan. Zelai erdian dotore aritu baziren ere, zerbaitek huts egiten zuen. Gutxi heldu, baina goletik oso hurbil ibili ziren. Gastearenak, guztiak aho zabalik utziz, iskin egin zion Ibarrari eta honen erdiraketa gutxigatik ez zuen errematatu Eguzkiñek. Aintzane berandu heldu zen bigarren zutoinera eta Itxaso atzean izanik, bera hobe erdiratzeko. Bikain aireratu zuen baloia gasteiztarrak, eta tartean zen Eguzkiñe baina azkenean defentsa zuri-gorria nagusitu zitzaion. 

Lehenengo zatia bizkaitarren bi gol-aukera onekin bukatu zen. Alta, biak ala biak ez zuten atea ikusi. Ainhoa Alvarezek ez zuen erdiraketarekin asmatu eta Alazne Gomezek ere, dena alde zuenean, kanpora jaurti zuen. Zuri-gorrien nagusitasun apur horrekin baina, era berean, Realeko jokalariek erakutsitako jarrera aparta medio, zapore onarekin agertu ziren Astira hurbildutako mila ikusleak. 

Denboraldiko aurreneko garaikurra jokoan bazegoen ere, aurredenboraldiko lan gogorra dela eta taldearen bikaintasuna bilatze aldera, Igor San Miguelek talde erdi aldatu zuen atsedenaldiaren ostean (zazpi aldaketa). Joseba Agirrek, ordea, pare bat fitxa mugitu zituen talde erasokorragoa osatuz. Lehenengo gol aukera, baina, Realarena izan zen. Leyre Fernandezen korrikaldia bilatu zuen Zelaiak, eta nafarraren erdiraketak ez zuen leku onenean harrapo Nahikari. Atzera pasatu eta Chinik gora jaurtik zuen. Dena den, azkar batean egin zen baloiaren jabe Athletic. Eta Realaren alde kaskarrena azaleratu zen. Nekaneren burukadari erantzun bikaina eman zion Cristinak, baina ezin izan zuen gelditu Joana Flavianok zuzenean atera bidalitako falta jaurtiketa. 

Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Txuri-urdinak saiatu ziren. Ezin daiteke ukatu. Baina aldea handitzeko aukerak izan zituen Athleticek. Ainhoa Vicentek, bere talde ohia aurrean edukitzearen urduritasunagatik agian, jaurtiketa baldarrarekin amaitu zuen Nekanek hasi eta Erikak jarraitutako kontraerasoa. Yulema Corresek bere abilezia erakutsi zuen urrutitik eginiko jaurtiketa batean, langatik oso hurbil ibili zen baloi hori. Izu ederra eraman zuten ikusle askok. 

Nahi eta ezinean ibili zen Igor San Miguelek gidaturiko taldea minutu askotan. Dena den, nabarmentzekoa izan zen Itxaso Uriarteren lana. Bai defentsan eta bai erasoko jokaldiak eraikiz. Goletik oso hurbil ibili zen epaileak oparituta falta jaurtiketa batean. Flavianoren golari erantzuna emateko aukera paregabea zen. Area ertzean eta Uriarte bezalako jaurtitzaile bikain batekin itxaropentsu ziren taldekide zein zaleak. Gutxigatik, baina, kanpora joan zen. 

Azken minutuak zirela eta Realak gogor estutu zuen Athletic. Manuela Lareoren erdiraketara ez zen garaiz iritsi Paola eta Ane Etxezarretak aldaratzea hartu zuen arren, jaurtiketa kaskarra egin zuen. Horrela zaila da gola egitea. Arrisku gehiago zeukan Leyre Fernandezek area kanpotik arresean jaurtitako baloiak. Eta Nahikarik, kasik atera begiratu gabe, intentzioz beterik zuzendu zuen Lareok eskainitako baloia. Itxaropenak laurogeita hamargarren minutura arte iraun zuen eta ikusleek eskertu zuten esfortzua. Garaikurra Bilbora eta jokalari apartaren saria ere Bizkaia aldera. Merezimendu osoz jaso zuen saria Joana Flaviano zuri-gorriak, golaren egileak. 

Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Aurredenboraldia izateko ikuskizun aparta eskaini zuten bi taldeek eta jendeak bikain erantzun zuen. Atzokoa erreparatuz, etorkizun oparoa izan dezake Euskal Herriko Kopak. Oraingoz, Athleticen alde dago balantza, lau garaikurrekin; Realak bakarra eskuratu du (2012an Beasainen). Irailaren lehen asteburuan hasiko den Liga txapelketan itxaropen asko izateko nahikoa arrazoi eman zuten txuri-urdinek. Ilusioa eta elkartasuna da nagusi. Bi osagai horiekin gauza politak irtengo direlakoan daude taldekideak.



AUPA ERREALEKO NESKAK!!!


Argazki bilduma Sandra Ayalaren eskutik

Argazki bilduma @Athletic_Fem erabiltzailearen eskutik

Argazki bilduma Maria Mentxakaren eskutik

Norgehiagokaren laburpena @noskisky erabiltzailearen eskutik

Norgehiagokaren laburpena EiTBren eskutik (Itxaso Uriarte eta Irene Paredesen adierazpenekin)

Berria egunkariko kronika

GARA egunkariko kronika

Realeko web ofizialeko kronika




0 comentarios: