Sandra Ramajo: «Madrilen edozer gerta daiteke»

18:13 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Ligako azken jardunaldia jokatu ostean Realeko jokalariak buru-makur agertu ziren. Porrotaren agurtu zuten txapelketa eta ezin izan zuten hainbeste desiotako laugarren postua errekuperatu. Orain Kopako partida prestatzen dabiltza buru-belarri. 

Argazkia: Imanol Urkiri
Bosgarren postua ere orain arte lorturiko sailkapen hoberena da. 53 punturekin amaitu dute liga denboraldia, 16 garaipen, 9 porrot eta bost berdinketarekin. Ez dira zenbaki makalak. Historiako markarik onena lortu dute txuri-urdinek eta hala ere "penaz" mintzatu ziren Igor San Miguel entrenatzailea eta Sandra Ramajo atzelaria.

Ramajoren aburuz zapore gazia utzi zuen Huelvakoen aurka jasandako porrotak: "Beraiek ez zuten garaipena merezi". Gauza positiboak azaleratzen saiatu zen eta partidua sentsazio onekin bukatu zutela adierazi zuen. "Horrek Koparako bultzada eman behar digu", azpimarratu zuen irundarrak. 

"Guztiek nahi zuten laugarren amaitu. Levantek galdu egin zuen eta eskuetan daukazula dirudienean horrelako gauzak pasatzen dira futbolean", adierazi zuen San Miguelek. Antsietate puntu batekin jokatu zutela aitortu zuen entrenatzaileak, eta zelaiaren kondizioengatik ere kexatu zen baina, era berean, aurkariaren —Huelvako Sportingen- indarra baloratu zuen. 

Uriarteren belaunari so

Indar horren erakusle Itxaso Uriarte eta Cristina Martin-Prietoren arteko talka izan zen. Gasteiztarra zelaitik atera behar izan zen, belaunean min harturik. Minutu dexentean harmailetan zein taldean eragin handia izan zuen lesioak, isiltasuna egin zen. "Espero dugu gauza handirik ez izatea. Guretzako jokalari garrantzitsua da eta ea Madrilerako prest dagoen", azaldu zuen entrenatzaileak. 

Argazkia: Imanol Urkiri
Azken porrotaren gainetik eta Erreginaren Kopa jokatu aurretik, San Miguelek puntuazio oso altuz baloratzen du taldeak eginiko lana. Astigartarraren aurreneko denboraldia izan da emakumezkoen gorengo mailan eta "oso gustura nago, asko merezi dute"

Ilusioz Madrilera

Gipuzkoarrak ilusioz daude erronka berri honetarako. Larunbatean 10:00etatik aurrera Bartzelona izango dute aurkari Erreginaren Kopako final laurdenean. Motibazioz gainezka bidaiatuko dute Madrilera ezusteko handia eman baitezakete. Kataluniarrak ere —Liga galdu ostean- garaikurra irabazteko gogotsu egongo dira eta horren beldur da Reala. "Baina tira, neurketa bakarra da, Madrilen eta edozer gerta daiteke", argitu zuen Ramajok.

0 comentarios: