«Realak fitxatu ditu kanpoko jokalariak baina ez du burua galdu»

20:49 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Zazpi denboraldi daramatza (aurtengoarekin) Xabier Ilarretak Realean. Guztiak bigarren entrenatzaile gisa eta azken denboraldietan delegatzaile ardurak tartekatu ditu. 
Argazkia: @LaluRAlbarran - @FutFem
Taldearen une gogorrak gertutik bizi izan ditu, baita orain arteko onenak ere. Euskal Herriko Kopako finala galtzetik bidaiatu zuen Realak Levantera (0-0). Iazko bosgarren postua hobetzeko asmo tinkoarekin. 

Azkeneko bi derbietan 15. minuturako 2-0eko aldea kontran… 

Nik uste dut hor badaukagula lana. Defizit bat daukagu beraiekiko, une horietan lehiatzen ikas behar dugu. Hala ere, ez nituzke konparatuko bi derbiak, oso ezberdinak izan ziren. Hasiera bai berdintsua, baina berdina izanik atsedenaldian estatistikak ziren beraiek hiru gol aukera eta guk, bost. Nik uste dut, zentzu horretan, taldeak aurrerapauso bat ematen duela baina azkeneko pausu hori falta zaio. 

Argazkia: Maria Mentxaka
Athletic beti Athletic. 

Nik nirea begiratzen dut beti eta behintzat aukerak sortzea pausu bat da, duela urte batzuk sortzen ez genituenak baina ez ditugu sartzen. Beraiek bat sortu eta barrura, bigarren aukera eta gola. Nik uste dut taldeak borrokatu zuela eta ondo egon ginela baina emaitzari begiratu eta 3-0... Gogorra da. 

Ze sentsazio eskaini dizue aurredenboraldiak?

Ona. Aurredenboraldia azkenean karga sartzeko baliatzen dugu, denboraldi guztian indarrak edukitzeko. Blokea berdina da, bizkarrezurra mantendu dugu eta hiru jokalari berri etorri dira. Horietatik bi gurekin lanean aritutakoak dira (Eizagirre eta Beristain) eta 'Mulán' [Nuria Sánchez] etorri da kanpotik eta segituan sartu da taldean. 

Zer aldatu da kanpoko jokalariak Realera etortzeko nahia erakusteko?

Klubak oso lan ona egin du hasieratik, beti aurrera begira joan da eta beti aurrerapausoak eman ditu. Ez ditu aurrerapauso itzelak eman inoiz eta nik uste dut hor dagoela giltza. Nahiz eta denboraldi txarrak egin edo espero baino okerragoak, beti aurrera jarraitzearekin pentsatu du, eta nik uste dut jendeak hori baloratzen duela. Eta Realak ere badauka bere izena lehenengo mailan, hori ere lortzen ari da.

Batzuetan pauso itzelak ematen dira eta gero atzera itzultzeko beharra ikusten da.

Beristainen itzulera garrantzitsua izan al da taldearentzat?

Bai, bai. Gainera aurrenekoz fitxatu genuenean [duela bost denboraldi], ez genekien ze maila emango zuen eta hemendik joan zenean bagenekien ze maila zeukan. Kanpoan bi urte egon ondoren nik sumatu diot heldutasun puntu hori eta horrek eragina du taldean. 

Zuretzat ze suposatu zuen iazko denboraldi historikoak?

Nire sentsazioak izan ziren bada lanean ez duzula askorik aldatu baina asteburutan badaukazula ordainsaria. Astean zeharreko lana ez zen gehiegirik aldatu. Heltzen da igandea eta hiru puntuak dituzu; hurrengoan beste hiru puntu eta seigarren jardunaldira lidergoagatik borrokan ikusten zara. 

Horrelako egoerak, inoiz bizi izan ez ditugunak, hausnarketarako baliatzen dituzu. Beste urtetan ere lana egiten genuen, erruz gainera, zeren eta ikusten genituen akatsak zeudela. 

Zer ekarri du Igor San Miguelek?

Beste ikuspuntu bat ekarri du. Beste pentsatzeko modu bat dauka.

Zorrotzagoa?

Bai, nik uste dut baietz. Zorrotza izan daiteke hitza. Gazpiok ere estutzen zuen baina beste hitz egiteko modu bat dauka. Azkenean Unairen [Gazpio] mezuak hiru urte pasatuta, agian ez zen hainbeste iristen eta Igorrena [San Miguel], lehenengoan, barruraino sartu da. 

Eta nola kudeatzen duzue azken urteetan duzuen talde lehiakor hau?

Oso zaila da guztiak gustura egotea baina horretan saiatu behar zara. Saiatu behar zara minutu gutxien dituzten jokalariekin gertutasuna sumatzen, baina ez dakizu jokalari horrek mezua nola jasoko duen jakinik igandean gutxi jokatuko duela. Egoera oso zaila da baina talde guztietan gertatzen da. 

Nahiz eta zaila izan, taldean inoizko giro onena dagoela sumatzen da. 

Ez zait iruditzen Realean inoiz giro txarrik egon denik, ni nagoenetik behintzat. Hor dago Realaren sendotasuna eta iaz Igor [San Miguel] horretan asko saiatu zen. Aldagelan denok batera joan behar dugu eta hori sumatzen da, denboraldi bukaeran horrek puntuak ematen dizu. Eta Realak ez du hanka sartu. Bai, fitxatu ditu kanpoko jokalariak baina ez du burua galdu. 

Jose Manuel Etxabe, Unai Gazpio eta Igor San Miguel. Zer dute ezberdin?

Etxaberekin nire aurreneko esperientzia da bigarren entrenatzaile bezala eta asko lagundu zidan. Jende oso garrantzitsua zegoen aldagelan eta oso esperientzia ona izan zen, Kopako finalerdiak jokatu genituen...

Argazkia: Ane Urkiri
Unairekin [Gazpio] oso erlazio berezia izan dut lehenengo egunetik. Hiru urte egin nituen berarekin eta lehenengoa eta azkena oso gogorrak izan ziren. Oso momentu zailak pasa ditugu eta horietan ikasten da gehien. Bigarren urtean, orduan inoizko denboraldirik onena egin genuen. Zerbait lortu genuen. Eta azken urtea oso gogorra izan zen, batez ere kirol arloan. 

Hurrengo urtean Igor [San Miguel] etorri zen eta teklarekin asmatu zuen. Estutzen du eta jendeak eman egiten du. Igorrek beste ikuspuntu bat dauka, ez zituen inoiz neskak entrenatu. Nahiz eta kirola berdina izan azkenean beste modu batera komunikatzeko ohitura daukagu eta Igorrek horrekin apurtu du eta hori batzuetan beharrezkoa da. 

Hiru entrenatzaileei buruz galdetu didazu baina ez dut ahaztu nahi Garbiñe [Etxeberria]. Garbiñe dena da Realean, oso berezia da. 

[Elkarrizketekin ohituta ez dagoela behin eta berriz argitu du. Baina, era berean, urte guzti hauetako perspektiba zabala berak uste baino hobeto eskaini du.]

Zaila izan al zen taldearen mentalitatea aldatzea denboraldi eskas baten ondoren?

Nik uste dut beraiek bere kabuz egin dutela aldaketa hori eta ez da beharrezkoa izan gure parte-hartzea. Aldagela batean hainbeste aldaketa ematen direnean jende berriak freskotasun berri bat ematen du eta une txar horrek bizi izan dituztenak berehala igotzen dira. Eta beraiek hori eskertu dute. Jarraitzen dutenek oso une gogorrak pasatu dituzte Realean eta horrelako sasoi on bat egitea oso garrantzitsua da beraientzako, eta oso pozgarria. 

Aurten zaila izango al da bosgarren postu hori hobetzea?

Oso zaila. Baina hor daukagu erronka.

Eta presiorik?

Ez dugu presiorik izan behar eta ez dut sumatu kanpoko presiorik. Ez genuke presioarekin jokatu behar. Guk gurea egiten dugu eta iaz bezala jarraituz gero emaitzak etorriko dira. Nik uste dut aurreko urtean baino talde hobeagoa daukagula baina iaz eduki genuen dinamika positibo hori berriro errepikatzea oso zaila izango da. Denboraldi hasierak asko markatzen du.

Non ikusten duzu talde honen etorkizun ez hain urruna?

Ez dakit. Nik uste dut Realak beti aurrerapausoak emango dituela eta hor dago koska. Une bat helduko da ez direla pausoak hain nabarmenak izango baina beti aurrera begira izan behar dira. Horrela jarraituz gero, inoiz lortuko da guztiok nahi duguna baina ez dugu inongo presarik eduki behar. 

Argazkia: Ane Urkiri
Eta zure etorkizuna?

Nire etorkizuna? Ez dakit eta ez dut gehiegi pentsatzen horretan. Egunean zentratzen naiz ze etorkizunean gertatuko dena baino garrantzitsuagoa delakoan nago. 

Iberdrola da txapelketako sponsor nagusia. Nola eragingo du, oro har?

Dirudienez beste itxura bat emango dio baina denboraldi bukaeran ikusiko dugu. Ez nitzake bustiko Iberdrolarengatik. Dirudienez dirua sartuko da eta talde txikienek sumatuko dute. Ados. Eta ligak aurrerapausoa emango du; bada, ongi etorria. Telebista sartuko da; oso ondo. Dena aurrerapausoak diren heinean, hobeto; baina benetakoak izan daitezela. Mundu honetan daramagunak urteak daramazkigu gauzak entzuten eta orain arte ez dira guztiz beti. Badirudi aurtengoa serioagoa dela baina nik ez dut hartuko beraien bandera.

Beste behin hiru euskal talde gorengo mailan, zein izango onena?

Reala Athleticekin borroka zuzenean egotea gustatuko litzaidake.

Taldeak alderatuz, indarrak inoiz baino parekatuago egon daitezke.

Iaz ere hala zen eta begira zer gertatu zen. Aurten sailkapenean gertu egongo garelakoan nago, puntu gutxiren aldearekin. Saltsa pixka bat egotea.

0 comentarios: